XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inoiz, paralelismo lexiko-semantiko hauek azken muturreraino eramaten dira eta ia errepikapen huts bilakatzen.

Horrela, baliabide erretoriko hau kapitulu hasieran esandakoa berriro ere gogorazteko eta mezua irakurlearen gogoan iltzaturik uzteko erabili ohi du Axularrek. Hona hemen horietako bat kapitulu hasierako testuinguruan kokatua: itsutcea, gogortcea, ez ansiatcea: eta ahalquea [...] galduric, doillorqueriaz preçatcea loriatcea eta sendagailla eguitea (96 or.) eta kapituluaren amaieran: itsutcea, gogortcea, eta azquenean, ahalquea galduric hartçaz preçatcea, loriatcea, eta sendagailla eriztea (110 or.).

Erretorikak aholkatzen duenari ezer kendu gabe, begi bistakoa da horrelakoak ahozko tradizioaren edo, nahi bada, kate mintzatuaren (=berbaldiaren) errekurtso laburbiltzaile eta oroitarazle nabarmena direla. Axularren lanbidean erabili behar ziren horietakoak, hain zuzen ere.

2.3.- ARLO SEMANTIKOA

Aurrekoarekin estuki loturik, arlo semantikoko irudiak genituzke aipagarri, batik bat planteamendu antitetikoei eta hitz multzoei orokorrean eta sinonimiari bereziki dagozkienak.

Ezagun da hitzaren esparrua izan dela betidanik erretorika klasikoaren lehentasunetako bat eta horretan datzala hain prezeski urdazubiarraren prosaren ezaugarri nagusi bat.

Egia esan, asko mintzatu izan da Axularren hizkuntz joritasunaz, nahiz eta ez horrenbeste aberastasun horrek zuen funtzioaz.

Sinonimoen erabilera oparoak, esaterako, hizkuntza normalizatuetako idazlanetan ez bezalako garrantzia hartu bide du Axularren obran, baina zenbaitetan erraz pentsa daiteke autore ezberdinek egotzitako asmoak baino ez direla urdazubiarraren liburuan ikusten bide dituzten funtzioak.

Hizkuntza normalduetan helburu erretorikoa eta aberastasun eta zehaztasun asmoak badaude ere, Axularrenean ez omen da horrela suertatzen, beste ezer baino gehiago euskalkietatik barna zabaldu nahia edo agertzen delako haien ustez; muga dialektalen gainetik ulertua izateko gogo hutsa omen.

Inolaz ere, analisi zehatz batek beste zerbait adieraziko liguke.

Izatez, ez dirudi funtzio bakar batez hitz egin litekeenik, anitzez baizik.

Edonola ere, zinez pentsa daiteke aniztasun horretan badela nolabaiteko lehentasunik eta, era berean, funtzio batzuk beste batzuen aurretik agertzen direla, betiere balorazioen arabera.